nortzukgara
     
  |  
 
    Nortzuk gara:

BIZKAIA ESNEA Karrantzako 35 baserrik osatzen dugu eta elkarrekin Bizkaiko esne-ekoizle handiena gara. Gure ibilbidea 2009an hasi zen. Esne-banatzaileek ordaindutako prezio baxuak egoera jasanezina sortu zuen gure baserrietan eta, horregatik, gure kide asko bidean geratu behar izan ziren. Esne litroaren prezioa, hura ekoiztea baino baxuagoa zen. Sektorearen momentua iluna izan arren, egoera horren aurrean bizirik jarraitzeko eta gure baserrien lana mantentzeko gogoak genituen. Horrek, gure produktua zuzenean kontsumitzaileari, bitartekaririk gabe, eramateko modua bilatzera eraman gintuen.

Egoera zail honi aurre egiteko, hauxe da guk aukeratu dugun bidea. Gure familiek egindako lanarekin aurrera jarraitzearen bidea. Baserrien bizirautea bilatzen duen bidea. Egunero, gogotsu eta ilusio osoz lanean jarraitzeko bidea. Eta, nola ez, egunez-egun gure kontsumitzaileei kalitateko eta gertuko produktua eskaintzearen bidea.

Esne sektoreko baserritarrok gure lanari eutsi nahi diogu. Karrantzako lurrek gu, gure arbasoak eta gure arbasoen arbasoak jaiotzen ikusi gaituzte, eta, horregatik, Karrantzako lurretan eta lurretatik bizitzen jarraitu nahi dugu. Gure baserrien iraunkortasunari eta gure lanari esker mantentzen da gure ingurua berde, ekologikoki orekatu, sostengarri eta natural. Horregatik Bizkaiko udalerri handiena den Karrantza lurralde historikoaren birikietako bat da.

Kontsumitzaileen esku esne-fresko, gertuko, natural eta kalitatekoa jartzeko ahalegin handia egiten dugu. Izan ere, gure baserri guztiek "Q" Europar Kalitate Ziurtagiria dute. Gure esneak berme guztiak eskaintzen ditu eta prezioa ahalik eta gehien estutzen saiatu gara. BIZKAIA ESNEA, benetako esnea, erosita guztion artean baserri-ekonomia mantentzen lagunduko dugu.

 

 
 
   
   
   
kredituak